2011-11-23

Kontsumo Arduratsuaren Azoka


Dagoeneko jakingo duzun bezala, Lezoko Udalak Kontsumo Arduratsuaren I. Azoka antolatu du datorren azaroaren 26rako. Goizeko 11etatik 14:30 bitartean, Saldise plazan ospatuko den azoka honen helburua herritarrek hondakinak murriztu eta berrerabilpena bultzatzearen aldeko jarrerak bereganatzea da. Hain zuzen ere, zuen seme-alabek, Eskolako Agenda 21 hezkuntza programaren barruan joan den ekainean Udalari zuzendutako eskaera bati erantzuna ematen dio ekimen honek.

Azokan hondakinak murriztu eta bertako kontsumoa bultzatzeko hainbat postu egongo da. Besteak beste, herriko ekoizleen postuak, materialak berrerabiltzeko tailer-gunea, Herriko Ikastetxeen Eskolako Agenda 21aren postua, Lezoko Udalaren postua…
Elkarte eta partikularrek ere izango dute aukera 2. eskuko objektuak saltzeko. Dagoeneko, zenbait elkartek jakinarazi du postua jarriko duela; horien artean, Paleike, Emaus edota Itsas Gela. Korri, Xalto eta Brinko pailazoak ere azokan egongo dira.
Herritar eta Elkarteen postuak
Azokan, herritar zein elkarteek eskuko edozein material saltzeko aukera izango dute: arropak, liburuak, jostailuak, etxeko tresnak... Eroslearentzat behar duen hori prezio onean lortzeko aukera izango da eta, saltzailearentzat, jada erabiltzen ez dituen gauzei etekina ateratzeko. Salerosketa truke horrekin, bide batez, hondakinak murrizten dira.
Azaroaren 23ra arte azokan postua jartzeko aukera zabalik dagoela jakinarazten dizuegu (horretarako 943 492 215 telefonora edo info@izadi21.net e-postara zuzendu zaitezkete), baina batez ere, larunbat goizean Saldise plazara hurbildu eta bertan izango dugun giroaz gozatzera gonbidatzen zaituztegu. 
Poltsa berrerabilgarria
Azokara hurbiltzen diren herritarrei eguneroko erosketak egiteko oihalezko poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkie. Guztira, 2.000 poltsa banatuko dira eta, era berean, eguerdiko ordu batak inguruan, udalak ingurumen arloko hainbat proiektu aurkeztuko ditu eta mokadutxoa eskainiko die herritarrei.